Project Description
Biola biolina baino handixeagoa den sokadun instrumentua da. Hots gozoa du eta gorputz sendokoa. Horregatik edozein talde osatzeko orduan ezinbestekoa bihurtzen da eta oinarrizkoa orkestra bat eratu edo ganbera taldeak egiteko orduan.
Gure helburua ikaslearengan ahalik denbora laburrenean ahalik gaitasun handienak garatzea da, horrela musikari gisa bere kontura jotzen hasi eta etorkizunean zale gisa edo profesional moduan musikaz gozatzen ikas dezan edo orkestra batean, ganbera taldeetan edo herri elkarteetan lanean has dadin. Helburu horri beste batzuk erantsi behar zaizkio: entzumen musikalari, erritmoari, intonazioari, sormenari edo inprobisatzeko gaitasunari garrantzia handia eman nahi diogu.Aldi berean garrantzia eman nahi diogu talde lanerako ahalmena lantzeari edo taldeak gidatzeko gaitasuna garatzeari eta jendaurrean emanaldiak egiteko beldurra menderatzeari. Atseden hartzea beste asmorik gabe musika entzutearen plazera barneratzen saiatuko gara, ohitura horrek sekulako balioa duelako heziketan eta oso aberasgarria delako. Biola, bestalde, instrumentu guztiz egokia da kontzentrazioa eta memoria lantzeko, baita diziplina eta lanerako ohitura barneratzeko ere, gazteengan bereziki, ikasketak aurrera eramateko ezinbestekoak diren lanabesak baitira horiek.
Baina gauza guztien gainetik gure ikasleek musikarekin gozatzen ikastea nahi dugu eta musika esatean genero guztiez ari gara, nola klasikoa hala folka, rocka, zelta… Musikaz bakarrik ez, adiskideez eta taldeko lanaz ere gozatu behar dute eta ingurukoei gozarazten ikasi.